ERALDATUZ TXERTATUZ, ERALDATUZ -Zazpi pauso hamaika aukera- proiektuaren bigarren fasea da. Lehenengo faseari 2021eko otsailean ekin zitzaion eta maiatza bitarte landu zen, outdoor saio batekin amaitu zelarik lehenengo lanketa hau.
Guztira, outdoor saioa kontutan hartu gabe, zazpi saio izan ziren eta identitatea, elementu motibatzaileak, lidergo eraldatzailea, errendimendu handiko taldeak, antolaketa, ikaskuntza eta pasioa kontzeptuak landu ziren modu teoriko praktiko batean. Saio guztiak Beasaingo Igartza Jauregian gauzatu ziren eta batez besteko parte hartzea hamar pertsona eta zortzi enpresakoa izan zen.
Bigarren fasea, ERALDATUZ TXERTATUZ, landutako gaiekin sakonago jarraitzeko aukera da. Horretarako, lehenengo fasean parte hartu zuten erakundeekin banaka egin dugu lan. Bilerak egin ditugu eta sei enpresa izango dira banakako proiektu pertsonalizatu bat gauzatuko dutenak. Erronka bat hautatu eta InGroup-eko lantaldearen laguntzarekin proiektu bat garatuko dugu. Parte hartuko duten enpresek aukeratutako proiektuak hauek dira:
- Talde motibatua, inplikatua eta proaktiboa eraikitzea.
- Lanpostuen gaitasun-profilen deskribapena.
- Antolaketa-garapenaren diagnostikoa.
- Talde kohesionatua: nortasun komun eta partekatuaren garapena.
- Harrera plana.
- Lanpostuen balorazioa.
Proiektuak iraila eta urriko hilabeteetan eramango dira aurrera. Behin proiektuak amaituta, azken saio amankomun bat egingo dugu, bizitako esperientzia desberdinak partekatzeko.