-Zer da Solaris?
Elektro mugikortasunean zentratuta dagoen autobus urbanoen fabrikantea da Solaris. Autobus urbanoak sortuz konponbide jasangarriak ematen ditugu.
-Zein erronka ditu elektro-mugikortasunak hirietan?
Erronka oso garrantzitsuak ditu aurretik sektore honek. Hiri bakoitza egoera desberdin baten aurrean aurkitzen da, egitura aldetik, garapen aldetik, beharrizanen aldetik edota azpiegitura aldetik eta honek guztiak, konponbide bakoitza bestearekin zerikusirik gabekoa izatea dakar. Bide beretik dator, gaur egun autobus elektrikoen soluzioen inguruan dagoen eskaintza zabala. Ez dago errezeta magikorik, behar desberdineko hiriak dauden heinean, soluzio desberdinak ematera behartuta gaude fabrikante eta hornitzaile guztiak.
-Europa mailan nola ari da ematen mugikortasun konbentzionaletik elektrikorako eraldaketa? Posible ikusten al duzu hau Goierrin?
Europak bai sinetsi duela hau errealitate bat dela, eta Europa bai ari dela tiraka sektore honek eskaintzen dituen zerbitzuei etekina atera asmoz. Jadanik martxan jarriak dira eraberritze masiboak, adibidez, ehundaka autobus erosteko planak. Hemen etorkizunaz hitz egiten hasten garenean, Europako hiriburu aurreratuenetako errealitateaz hitz egiten ariko bagina bezala izan liteke lasai asko, hemen etorkizuna dena han jadanik existitzen delako.
Hiriburu haundienak proiektu pilotuak martxan jarri dituzte, eta hauen emaitzak ikusita, aldaketara konprometitzen hasiak dira jadanik. Adibidez, hiri mugikortasuna eletrifikatzeko plan zehatzak eginak dituzte Parisen, Milanen edota Berlinen, eta horrelako hiriburuek iniziatiba hartzeak, mugikortasun mota honen hazkundea elikatuko du. Honek jarraian inguruko eta gainontzeko hiriburu edota inguruei eraldaketara tira eginaz. Espainia mailan urrats bat atzerago goaz, baina esan bezala, Europa tiraka ari da eta bide hori jarraituaz Espainiak ere eraldatzeko aukera izango du.
Goierri mailan berriz, iritsiko da olatu hau, transformazio honek atzera bueltarik ez duelako izango, ziklo batean edo bitan, baina olatua iritsiko da, teknologiak ere ahalbidetzen gaituelako hau errealitate egitera. Teknologia badakigu noraino iristen den, eta jada ez dago arriskurik, nahiz eta zalantzak egoten jarraitzen duten, autonomia bateko, zein autobus mota egokitzen den leku bakoitzera besteko… arrisku teknologikorik ez dago eta Europa mugitzen ari denez iritsiko da. Haunditik txikira datorren zerbait da eta nabarmena da eraldaketa honetan traktoreak hiriburuak izango direla.
-Zer nolako aukerak sor ditzake eraldaketa honek sektore tradizionalean lanean jarraitzen duten ETE eta enpresetan?
Aukera berriak sortuko dira ziur, denok eduki behar dugu radarra piztuta. Orain dauzkagun osagaiak aldatu egingo dira. Begi bat etorkizunean jarrita eduki beharra daukagu alde batetik edo bestetik, era batera edo bestera ukituko gaituelako. Leiho bat badago, eta zabalik gainera, CAF edo Irizar sartu diren moduan, gainontzeko enpresek ere leiho hori aukera bezala hartu eta saiatu egin beharra daukate. Elektro mugikortasunera sartu aurretik ezinezkoa zitzaigun Europan lehiatzea, Mercedes edota Man bezalako enpresak aurki genitzakeelako, baina elektro mugikortasunari esker muturra sartu ahal izan dugu eta orain erreferente gara Europa mailan. Nik uste, bakoitzak bere bidetik leiho hau aprobetxatzen saiatu beharra daukala.
-Nola ikusten duzu sektore hau 15 urte barru?
Aldatuta seguru, digitalizazioagatik batetik eta hirietan mugitzeko era asko aldatuko delako bestetik. Dena lotuta doa, digitalizazioak mugitzeko aukera desberdinak eman dizkigu eta honek ohiturak aldatzea ekarri du, eta hau, hasi besterik ez da egin. Imajina ezazu, orain arte Uber eta Taxien artean gertatu dena, hemendik pixka batera, antzeko zerbait autobusekin gertatzen dela, zein izango lirateke eraginak? Hiri barruetako mugikortasun eredu berri bat sortzea ekarriko luke honek. Eta ezin gara ahaztu erlazio publiko pribatuak eragiten ari diren aldaketez, hauek ere mugikortasun sistemari zuzenean eragiten dietelako. Gaur egun jada Madril edo Bartzelona bezalako hiriburuetan ikusten diren mugikortasun berrikuntza horiek ere poliki-poliki gure inguruan geroz eta barneratuago egongo dira.
- Auto bat erosi beharko bazenu gaur, elektrikoa erosiko zenuke? Edo beste erregairen batekin funtzionatzen duena?
Bakoitzak bere errealitatea eta mugitzeko beharrak ezagutu beharra dauzka eta gero horren baitan erabaki beharko du zein teknologia komeni zaion. Berdina gertatzen da hiri baterako zein autobus mota den onena esaterako garaian, ez dago erantzunik, hiri bakoitzak bere estrategia landu beharra dauka eta gero horren baitan etorriko da neurrira egindako konponbidea. Horregatik dago dispertsio hau konponbideetan, batzuek gasa daukatelako eskura, besteek elektrikoa, beste batzuk infraestruktura… kotxeetan berdina gertatzen da. Egia dena da, geroz eta debeku gehiago, erregulazio gehiago egongo direla erregai fosilak alde batera uzten joateko. Laburbilduz, hau dena bakoitzaren errealitatearen araberakoa da.