Goierri Valley-n etengabe lanean dihardugu gure ingurunearentzat kualifikazio altuan eta lehen mailako industrian oinarritutako etorkizun jasangarri baten alde.
Goierrin herrien, pertsonen eta enpresen arteko elkarlanaren aldeko apustua egiten dugu. Gure industria mundu guztiko hiriburu eta herrialdeetako aldaketaren parte aktibo da, baliabide naturalen garapen eta erabilerari dagozkion ekarpenak eginaz. Beti etorkizunera begira, geure garapen eta eraldaketaren lider izan eta etengabeko aldaketan dagoen munduak agertzen dituen erronkei aurre egiteko prestatuta. Izate sentimenduak eta geure ingurunearen etorkizun jasangarri bat eraikitzeak batzen gaitu.
Mundua eredu berdeagoetaranzko trantsizio bete-betean dagoen une honetan, energiaren eta mugikortasunaren sektoreak eraldaketa honen giltzarri dira eta horregatik antolatu genuen MUBIZING. Goierriko Mugikortasun eta Energia Kongresua.
Pasa den ostegunean eman genion hasiera MUBIZING Kongresuari Beasaingo Igartza Jauregian. Beasaingo alkate den Aitor Aldasoro, Goierri Valley-ko presidente Jose Luis Perez eta Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia arduratu ziren kongresuari hasiera emateaz. Ordu egokiena ez izan arren, aretoa bete egin zen eta ongietorri bero bat egin zen. Jarraian, erakusketa gunea bisitatu zuten Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko, Turismo eta Landa Inguruneko Diputatua eta Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Zuzendariarekin batera eta enpresa guztiak banan-banan bisitatu zituzten.
Goizaren erdi aldera, jardunaldiei eman zitzaien hasiera. Kasu honetan, mugikortasunaren txanda izan zen eta bertan Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategia aurkeztu zuen Jon Gurrutxaga Berrikuntza Zuzendariak. Goizari bukaera emateko CAF eta Irizar Group-ek hartu zuten hitza Mugikortasunaren etorkizuneko erronkei buruz hitz egiten.
Arratsaldean ordea Energia-ren sektorearen txanda izan zen. Jardunaldiari Garabi Group-ek eman zion hasiera, HINE Group, Arrano Talleres Electromecánicos eta Nippon Gases enpresek osatutako mahai inguruarekin jarraipena emanaz. Lehen atal honetan enpresa hauek sektoreari eragiten ziotenaz mintzatu ziren. Bigarren ataleko hitzaldiak ordea, erabiltzaileari zuzenduak egon ziren Orkli Group, Aizkorpe Taldea, ENE Energia, Krea Energia eta ENERDOM Consulting enpresetako ordezkarien eskutik. Lehenik Orkliren aurkezpena eta ondoren gainontzeko lau enpresen mahai ingurua, ostegunari amaiera emanaz.
Behin lehenengo egunarekin amaituta, bigarrengora salto egin genuen, ostiralera, eta hau ere, ez zen gutxiagorako izan. Erakusketa gunean zehar egun guztian zehar ibili zen jendea, bertaratu zirenak enpresetako pertsonaleko arduradunekin hitz egiteko eta enpresen nondik-norakoak ezagutzeko aukera izan zuten.
Jardunaldiak ere ez ziren gutxiagorako izan. In Group enpresak, bigarren eguneko jardunaldien dinamizatzaileak eman zion hasiera egunari, bertan Goierriko eta EAE-ko lan merkaturen inguruko datuak azaldu zituzten eta ondoren, HINE GROUP, ARRI, Goierri Eskola eta Ikolan Lanaldi-k osatutako mahai inguruarekin jarraipena emanaz.
Bigarren atalean berriz GH, EUN Group eta Goierri Valley elkarteak euren egituretan talentua sustatzeko, erakartzeko edota fidelizatzeko aurrera eraman dituzten kasu praktikoak azaldu zituzten.
Egun batzuk pasa eta jazotakoaren inguruan hausnartu ondoren elkartetik gustura gaudela adierazi nahi dugu. 20 enpresa erakusketari, 15 jardunaldi, 20 hizlari eta 350 parte hartzaile inguru izan ditu MUBIZING Kongresuak. Jardunaldien gunea betea egon da bi egunetan eta erakusketa gunean ere jende asko ibili da. Aurtengoa amaitutzat emanda, horrelako ekimen gehiagoren lanketan jarraituko dugu, gustura gaudelako egindako lanarekin. Eskerrik asko era batera edo bestera MUBIZING Kongresuan parte hartu duzuen orori.