Goierri Valley elkarteak bere ibilbideari ekin zionetik bost erronka ardatz hartuta egin du aurrera. Bigarren erronkaren helburua elkarteko Enpresa Traktoreen arteko elkarlana sustatzea da, eta, helburu hau betetzeko, Mailakako Foroak izeneko proiektua jarri zen martxan.
Mailakako foro bakoitzean enpresa traktoreetako dagokion departamentuko pertsonak biltzen dira. Lau mahai ezberdin daude: erosketa arduradunen mahaia, giza baliabide arduradunen mahaia, produkzio arduradunen mahaia eta lan arrisku prebentzioen arduradunen mahaia.
Azken honek, aurreko astean, Athlon enpresak Gasteizen duen Nordic Klinika bisitatu zuen. Helburua klinika hauek eskaintzen dituzten zerbitzuak bertatik bertara ezagutu eta Goierrin horrelako zerbitzu bat izateak enpresei eskaini ahal dizkien onurak baloratzea izan ziren.
Klinika hauen berezitasuna erabiltzen dituzten teknologia eta metodologia dira. Teknologia aurrerakoi honek lan bizitzan zehar pertsona desberdinek izaten dituzten arazo muskularrak ekiditea eta arintzea ahalbidetzen du.
Momentu honetan lan arrisku prebentzioko mahaia eta Athlon inplantazio posible bat baloratzeko elkarlanean ari dira.
Argazkian aurreko asteko bisita ikus daiteke. Foro honetako kideek teknologia probatu ahal izan zuten.