Otsailak 12an, ostirala, Goierri Valley Elkartean Ezohiko Batzar Orokorra ospatu genuen telematikoki. Bazkide askoren partehartzea izan zuen batzarrak. Ekitaldian, 2020ean garatutako ekintzak eta 2021eko kudeaketa plana eta aurrekontuak azaldu ziren, besteak beste. Jarraian, azken honen proposamen eta onarpenak gauzatu ziren.
Elkarteko presidente den José Antonio Guerrak eman zion hasiera ekitaldiari, 2020. urtea indarrez eta proiektuz beterik hasi zen urtea izan zela azalduz. Internazionalizazioa, Mexikon lehenengo aldiz presentzia izanez eta Ilusión proiektuak ziren hasiera batean Goierri Valley-en erronka nagusienetakoak 2020erako, non komunikazioa areagotzeko ereduak, elkarbanatutako proiektuak eta lidergoa landuko ziren enpresa bazkideetan. Baina, martxoko hilabetean, erabateko buelta eman zuen egoerak, inork espero ez zuen pandemia bat iritsi zen eta gogor kolpatutako urtea izan zen 2020a azkenean. Proiektu batzuk bertan behera gelditu behar izan zirela eta aurreikusitako plangintzak berregituratu egin behar izan zirela kontatu zuen presidenteak. Egun batetik bestera konfinatuta geundela eta aktibitate minimora buelta bideratu behar izan zela. Lanean jarraitu zutenek ekipamendua behar zutela laneko segurtasuna bermatzeko, eta elkarteak EPIen erosketa bateratu bat kudeatu zuela. Egun gutxitan, denon egunerokotasuna erabat aldatu zela eta horrek, lehentasunak erabat aldatu zituela. Egoera honek, enpresen jarraipen bat egitea eta, elkarte bezala, elkar laguntza bultzatzea eraman gintuela azpimarratu zuen Jose Antonio Guerrak.
Behin lehenengo olatua pasa zela, elkarteak lanean jarraitu zuela Goierri bailarako industriaren jasangarritasuna bermatzeko asmoz azpimarratu zuen Guerrak. Besteak beste, elkarteak, Gosari Aurkezpenak, CAF, AMPO eta ARCELORMITTAL OLABERRIA enpresen Begirada Estrategikoak, Erosketa, Giza Baliabide eta Laneko Arriskuen Prebentzio mahaien ekintzak mantendu eta aurrera eraman zituen, nahiz eta formatu digitalera egokituak izan ziren. Ekintza horiez gain, elkarrizketa indibidualizatuak egiten jarraitu du elkarteak Berrabiarazi proiektuaren bitartez. Ekimen hori Goiekik gauzatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Enpresa hauen egoera ezagutu eta bide honetan lagundu ahal izateko. Bukatzeko, hainbat adierazleen jarraipena egin zuen elkarteko presidenteak.
Jarraian, Iker Galparsorok, elkarteko idazkariak, hartu zuen hitza, 2021ak ez dituela erronka txikiak ekarriko aipatu eta 2021erako elkarteak dituen erronka nagusienak azalduz. Elkarteak bere estrategia aztertzeko beharra ikusi duela adierazi zuen eta urte amaierara begira honen definizio berriari ekin nahi diola. Baina hori gauzatu arte, Goierri Valleyk orain arte jorratu dituen lau ardatz nagusietan lan egingo duela nabarmendu zuen; interkooperazio eta lankidetza sareetan, ETE-en indartzean, ikusgarritasun eta notorietatean eta balio erantsizko zerbitzuetan. Lehenengo erronka gauzatzeko, elkarteak, Gosari Aurkezpenak eta Ordezkarien Datu Baseak mantenduko ditu. Horrez gain, Value ShARE, Munduan eta Enpresen arteko lankidetza proiektuak landuko ditu. Lankidetza sarea bermatzeko berriz, Mailakako foroak eta Ordezkarien arteko harremanak sustatuko dira. ETE-en indartzea lantzeko berriz, ardatz nagusienak, Digitalizazioa, Industria 4.0., Elektromugikortasuna, Jarraikortasuna, Erosketak, Lidergoa, eta Enpresen Diagnosia Berrabiarazi proiektuaren bitartez gauzatuko dira. Elkartearen ikusgarritasuna eta notorietatea sakon lantzeko asmoa du aurten Goierri Valleyk eta elkarteko publiko direnen artean marka ezagutarazteko proiektu desberdinak jarriko dira martxan, elkarteko intranetean, web orrialdean eta sare sozialetan elkartearen egunerokotasuna kontatzeaz gain. Azkenik, elkarteak balio erantsizko zerbitzuak ematen jarraituko duela aipatu zuen Ikerrek, COVID 19 egoera aurrean laguntza, laguntzen kudeaketa, interesezko solasaldiak, gune industrialen kudeaketa, formazioa, inbertsioen mahaia eta balio erantsizko beste zerbitzu batzuk eskainiko dituelarik elkarteak.
Azkenik, ekitaldiari amaiera emateko, Eider Iztueta, diruzainak, 2021eko egitasmoaren aurrekontuak azaldu zituen (guztira 451.044,64€tako aurrekontua). Azalpen guzti hauekin, onarpena gauzatu eta ekitaldiari amaiera eman zitzaion. Kontatu den moduan, ekintzaz beteriko urtea daukagu aurretik eta 2021ak oraindik normaltasunez bizitzen utziko ez digun arren, elkartean ez gara geldirik egongo, esfortzu guztiak eginez jarraituko dugu aipatutako proiektuak gauzatu eta aurrera eramateko.
Elkartearen nortasuna definitzen dituzten baloreak inoiz baino garrantzitsuagoak dira orain, Elkarrekin urrunago goazelako, elkarte industrial bat garelako eta denon elkarlana bultzatuz etorkizuna geurea delako. Eta aurten bereziki, erronka hauek ezin ditugu ahaztu.