Goierri Valleyk gogotsu ekin dio 2022ari eta anbizio handiko Kudeaketa Plana jarri du abian. 2022 urtean elkarteak 5. urteurrena beteko du eta horrek ere emango du zeresana.
2022ko otsailaren 18an, Goierri Valleyko 2022ko Kudeaketa Plana eta Aurrekontuak onartzeko Ezohiko Batzar Orokorra ospatu zuen elkarteak Goiekiko instalakuntzetan, Ordizian. Batzarraren aurretik, elkarteak HINE Group enpresa bazkidearen Begirada Estrategikoa ezagutzeko jardunaldia antolatu zuen.
Bertan, HINEk, sektorearen ikuspegia, enpresaren egoera eta hornitzaileekiko aurreikuspenak partekatu zituen parte hartzaile guztiekin.
HINErekin etorkizuneko hausnarketa egin ostean, Ezohiko Batzar Orokorrean, Goierri Valleyk urteko Kudeaketa Plana eta Aurrekontuak onartu zituen. 2022an, elkarteak 817.978,37 €ko aurrekontua izango du eta enpresen lehiakortasunean laguntzen jarraituko du.
2022an Traktora eta ETEen hobekuntzan funtsezkoak izango diren arlo desberdinetako proiektuak antolatuko ditu Goierri Valleyk.
Bide horretan, lau proiektu nabarmentzen ditu elkarteak.
Digitaliza Goierri, 4.0 teknologia, Organizaciones Ágiles eta Ongizate Enpresak. Lau proiektu hauekin Goierri Valleyk garrantzi handiko lau ildo jorratuko ditu, hala nola, digitalizazioa, 4.0 teknologia, kudeaketa eta pertsonak.
Digitalizazioa
Elkarteak Goierriko enpresei digitalizazio-prozesuan laguntzeko beharra antzematen du, digitalizazioaren palankak enpresen negozioetan sor ditzaketen aukerak, negozio-bolumena edo lehiakortasuna hobetzeko.
Digitaliza Goierri proiektuaren helburua Goierriko ETEen eraldaketa digitaleko prozesua bizkortzea da, sei hilabete baino gutxiagoan arrakasta-kasuak sortzeko probatutako metodologiaren eta esperientzia praktikoaren bidez. Zortzi dira ekimen honetan parte hartuko duten enpresak.
4.0 Industria laborategia
Proiektu honen helburua 4.0 teknologiak eskualdeko enpresen eskura jartzea da. Horretarako bi proiektu landuko dira.
Alde batetik, 4.0 teknologiak izango duen espazio fisikoa sortu nahi da, enpresek bertatik bertara esperimenta ditzaten teknologia hauek eskaintzen dituzten aukerak. Gainera, teknologien hurbilketa hori osatzeko, sentsibilizazio-jardunaldiak, trebakuntza-saioak, bisitak eta abar antolatzea aurreikusten da.
Bestetik, inguruko enpresen 4.0 praktika onen katalogoa egingo da, teknologia horiek ematen dituzten aukeren informazioa partekatzeko.
Nolanahi ere, aurrerago, Goierri Valleyk modu zabalagoan emango du proiektu horren berri.
Kudeaketa
Hobekuntza jarraituaren ardatzean lehenetsitako proiektuetako bat da Organizaciones Ágiles. Helburua mundu konplexu eta aldakorrean pertsonatu eta erantzuteko modua duten enpresak sortzea da, egokitzapena, berrikuntza eta ikasketa sustatuz.
Pertsonak
Pertsonen esparrua kritikoa da enpresentzat eta Covid-19ren pandemiak sortutako osasun-ekonomia-gizarte krisiak paradigma aldaketaren aurrean enpresak osatzen dituzten pertsonen ongizate maila neurtzeko beharra ikusi da. Horregatik, orain arte pertsonen arloa jorratu denean baino pauso bat harago joan eta enpresetako pertsona guztien ongizate maila neurtzeko Ongizate Enpresak proiektua martxan jarriko da.
Sektore estrategikoak lehenetsi dira
Proiektu gako hauek aurrera eramateaz gain, bi sektore estrategikotan ere zentratuko da Goierri Valley 2022 honetan: mugikortasun berria eta hidrogenoa.
Elkarteak enpresa txiki eta ertainen eraldaketa bultzatzea du helburu, espezializazio handiko negozio-nitxoetara bideratuz. Alde horretatik, mugikortasun berriaren sektorea estrategikoa da Gipuzkoarentzat, eta, esparru horretan, Goierrik protagonismo berezia du. Sektorean elkarteak izan behar duen rola eta lan ildoak definitu dira eta ekintza planari ekingo zaio.
Mugikortasun berria etorkizunean aukera ugari eskainiko dituen sektorea da, hala erakusten dute 2030 Garapen Jasangarriko Estrategiak, Next Generation programak, Basque Green Deal ereduak eta Mubil Estrategiak, besteak beste.
Mugikortasun berriaren markoan, Goierri Valleyk hidrogenoaren balio katearen azterketa egin eta laburpen txostena jaso du. Bide honetan lanean jarraituko du elkarteak.
Hidrogenoak datozen urteetan aukera ugari eskaintzea aurreikusten da. Azken urtean Hidrogenoaren balio katearen azterketa egin ondoren, Hidrogeno Mahaia jarri zen martxan. Goierri Valleyk aurten Mahai honi jarraipena egingo dio eta sektorean identifikatzen den negozio aukera orori jarraipena egingo zaio.
Mugak gaindituz
Aipatzekoa da ere nazioartean presentzia izango duela Goierri Valleyk 2022an, Txileko ofizina batekin Transbiaga enpresa bazkidearen eskutik.