Goierri Valleyko Batzar Orokorrak 2024ko Kudeaketa Plana eta aurrekontuak onartu ditu. Elkarteak lanean jarraituko du Goierriko industrian eragin positiboa eta iraunkorra sortzeko.
2024ko otsailaren 2an, Ordizian kokatutako Goierri Berrikuntza Gunean, Goierri Valleyk 2024ko Kudeaketa Plana eta Aurrekontuak onartzeko Ezohiko Batzar Orokorra egin du. Urte honetan, elkarteak 471.257,70€-ko aurrekontua izango du, eta lurraldeko industria-sektoreko eragile desberdinen arteko lankidetza sustatzeko gunea eskaintzen jarraituko du.
2024an Goierri Valleyk sinergiak indartzen jarraituko du, balio handiagoko zerbitzu integratuak eskaintzeko eta Goierriko industrian eragin positiboa eta iraunkorra sortzeko. Hiru proiektu nabarmentzen dira eta zerbitzu aukera zabala: Hub 4.0, Munduan eta Enpresen egituraren balioaren azterketa lankidetzan.
HUB 4.0
Urtebeteko ibilbidearekin, HUB 4.0 laborategia sendotzen ari da. Eraldaketa digitalarekin bat egin nahi duten enpresa txiki eta ertain guztiei irekitako gunea da, Industria 4.0-ren teknologiak ezagutu eta txertatzeko.
Hub 4.0-k enpresa txiki eta ertainei beraien eraldaketa digitalean eta ekoizpen prozesuan teknologia berriak sartzen laguntzen die.
Laugarren industria-iraultza ekoizpen-teknika berriak teknologia adimendunekin integratzean datza. Hub 4.0tik, Goierri Valleyk, enpresa txikiei beraien hurrengo erronkak gainditzeko eta merkatuko baldintzen aurrean egunean egoteko animatzen die.
HUB 4.0 laborategiak enpresa txiki eta ertainei tresna berriekin harreman zuzena eta erreala izaten errazten die, aldatzen ari den egoera honi erantzun bat emateko.
Hub 4.0-ren lehenengo pausoak oso emankorrak izan dira, ingeniaritza, aholkularitza eta 3D inpresioarekin lotutako 36 proiektu landu dira, enpresa erabiltzaileei beren prozesuak optimizatzen, produktu-berrikuntzan eta balio handiagoa sortzen lagunduz.
Zerbitzua elkarteko bazkide zein ez bazkideei zuzenduta dago: Hub 4.0-k ondorengo zerbitzuak eskainiko ditu 2024an:
• Digitalizazio-plataforma: sentsibilizatzeko eta enpresei lehen urratsetan laguntzeko. Aurki ospatuko da Orkliren eskutik 3D inprimaketa aplikatzeko kasuen jardunaldia. Bertan, Orkliko bi ordezkarik, beren enpresan, 3D inprimaketaren bitartez aurrera eramaten duten kasuak azalduko dute.
• Ekoizpena: bulego teknikoa txertatzeko (ingeniaritza eta diseinua), piezen digitalizazioa eta 3D inprimaketa. Urtarrilean, soilik, 9 enpresarentzako 14 proiektutan lan egin da.
Munduan
Helburu nagusia finkatutako helburuko lau merkatuetan (Frantzia, Alemania, Txile eta Mexiko) enpresa bazkideen nazioartekotzea bultzatzea izango da, eta 2023an bezala, ahaleginak Frantzian eta Txilen egingo dira, baina Alemaniako merkatura ere hurbilketa gauzatuko da.
Frantziako merkatuan egingo den lana elkarteko enpresa azpikontratistei erantzutea izango da. Frantziako enpresen erosketa arduradunei gonbidatzea aurreikusten da, Goierrin industria eraldaketa prozesua eskaintzeko helburuarekin. Hori lortzeko, lau enpresa azpikontratistarekin, gonbidatu beharreko bezero potentzialak definitzeko prozesua aktibatuko da. Helburu nagusia lau enpresa horiek gutxienez bezero frantses berri bat lortzea izango da.
Txileri dagokionez, 2023an antolatutako misioaren jarraipena egingo da, bertan sei enpresak hartu zuten parte. Misio horrek fruituak eman zituen eta Txileko hainbat enpresa eta erakunderekin lanean jarraitzen da, enpresen dibertsifikazioarekin, berrikuntzarekin eta talentua erakartzearekin lotutako proiektuei ekiteko.
Era berean, nazioarteko bi azokatara bisitak antolatuko dira, enpresen artean behatoki izateko eta sinergiak sortzeko.
Enpresen egituraren balioaren azterketa lankidetzan.
Proiektu honek enpresa azpikontratisten egungo beharrei erantzuten die, eta zeharkako egiturak aztertzeko eredu kuantitatibo bat garatzea du helburu, zeharkako enpleguaren iraunkortasuna neurtzeko, rolak eta postuak beharraren eta aukeraren arabera dimentsionatzen eta orekatzen laguntzeko, eta balio-proposamenaren hazkundean oinarrituta hazkundea ahalbidetzeko.
Lau dira Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektuan parte hartu duten enpresak, eta aditu baten laguntzarekin lanean jarraituko dute beren enpresen metrikak egiteko eta bezeroei egindako balio-eskaintzaren gehikuntza aztertzeko.
Zerbitzu eskaintza
Goierri Valleyk zerbitzu sorta zabala eskaintzen du enpresa bazkideen beharrei erantzuteko honako eremu hauetan:
• Ad-hoc proiektuak.
• Arlo desberdineko foroak eta mahaiak.
• Ezagutza eta networkinga.
• Behatokia eta joerak.
• Formakuntza.
• Zerbitzu orokorrak.
Goierri Valley zabalik dago
Goierri Valleyk modu aktiboan laguntzen die elkarteko 75 enpresei egungo eta etorkizuneko erronkak gainditzen, eraldaketa teknologikoko eta berrikuntzako prozesua zeharkatzen. Azken finean, elkarlanetik abiatuta, Goierriko industriarentzat etorkizun iraunkorra eta lehiakorra eraiki nahi du. Komunitate osoaren ongizatea bultzatuz. Horretarako, elkartea Goierriko zein kanpoko enpresa eta erakundeekin lankidetzan aritzeko prest dago.