MUBIZING Kongresua gerturatzen ari da eta motorrak berotzeko bertan erakusketari moduan egongo den HINE enpresaren elkarrizketa bat ekarri dizuegu. Elkarrizketatua Lander Guibelalde izan da, HINE RENOVABLES-eko Zuzendari Orokorra:
Zer da Hine? Zer egiten du?
Hine 1974. urtean sortu zen eta harrezkero, sistema eta osagarri hidraulikoak sortzen ditu, bait industriarako nahiz energia berriztagarrien enpresentzako hozte-sistemak ere.
Produkziotik hasita, eta salmenta ondorengo zerbitzua kontutan hartuta, produktu eta zerbitzu hidraulikoek osatutako pakete oso bat eskaintzen dugu, gure bezeroei erantzun azkar bat emateko.
Gure ingeniaritza propioa, I+G+b arloan egindako apustuak eta fabrikazio ahalmen globalari esker, soluzio hidrauliko lehiakorrak eskaintzen dizkiegu mundu osoko bezeroei.
2006. urtean ekin genion gure nazioartekotze prozesuari eta gaur egun zazpi planta produktibo dauzkagu Txinan, AEB-n, Brasilen, Indian eta hemen, Olaberrian.
Gaur egun 643 pertsonak osatutako taldea dugu munduan zehar, nahiz eta gure sistemen ingeniaritza guztiaren garapena eta erabaki gune gorena Olaberriako gure egoitza nagusian burutzen diren.
Horrez gain, hazten jarraitzeko helburuz, 2020. urtean zehar planta produktibo berriak irekiko ditugu Turkia eta Argentinan. Hala nola, Txinako planta handituko dugu, metro karratuak bikoiztuz, eoliko sektoreko merkatu txinatarreko bezero kuota handitzen jarraitu asmoz.
Energia eolikoaren sektorean zaudete, zein dira sektore hauen etorkizuneko erronkak?
- “Cost of Energy”: Sistema eraginkorragoen bidez, sortutako energiaren kostua murriztea.
- Merkatu emergenteetan ekoiztea; lehiakorragoak izateko helburuarekin edo tokian tokiko merkatuan ekoizpenaren ehuneko gutxienekoa betetzea, legediak eskatu bezala.
- Gure osagarri eta sistema hidraulikoen diseinua optimizatu eta moldatzea geroz eta handiagoak diren haize sorgailuetan txertatzeko. Gure bezero eolikoak geroz eta sorgailu handiagoak ekoizten ari dira, gu hauen hornitzaileak izanik bezeroen espezifikazioak asebetetzen dituzten soluzioak emateko erronka dugu.
- I+G baliabideetan inbertitzea gure produktuen bizi-iraute zikloa hobetzeko helburuarekin.
- Baldintza klimatiko zailetan lana egiten duten ekipoen fidagarritasuna hobetzea, off-shore segmentuaren kasuan bezala
2017. urtetik Hinek ikerkuntza zentro propioa du eta bertan entsegu zentro bat, prototipoen muntaia zentro bat eta bezeroen produktuen garapena babesteko balioztatze laborategi bat ditu. Eta gaur egun, zentro honen hobekuntza eta eboluzioa gure helburu nagusietako bat direla esan dezakegu.
I+G+b zentro bat izateak arestian aipatutako erronkei era lehiakor batean aurre egitea ahalbidetzen digu. Etorkizuneko plataformentzako aplikazio hidraulikoak garatzeko eta gure sistemak probatzeko eta balioztatzeko gai gara, bezeroei kalitatea eta konfiantza emanez.
4.0 industriak aldaketak ekarri ditu eta ekarriko ditu. Nola eragin dio eta eragingo dio honek Hine-ri?
Hinen kontziente gara aktiboen digitalizazioa oso garrantzitsua dela aurretik aipatu ditugun interes eta erronka industrialei erantzuteko.
Duela urte batzuetatik, gure prozesu produktiboen digitalizazio estrategia bat eramaten ari gara, baina oraindik lanean jarraitu behar dugu.
Gainera, Industria 4.0 arloko hainbat joerek positiboki eragiten digute. Big data adibidez, datuak bildu eta momentuan bertan aztertzeko ahalmen horrek gure sistemen portaera ezagutzea ahalbidetzen digute gure bezeroen makinetan, eta hemen ikasitakoari esker, produktuak hobetu eta bezeroei sistema hidrauliko efizienteagoak eskaini ahal izango dizkiegu.
Beste alde batetik, fabrikazio gehigarriko hainbat zentro teknologikorekin elkarlanean dihardugu.
Talentua erakarri edo mantentzea geroz eta zailagoa bihurtzen ari da. Zein perfil beharko ditu Hinek etorkizunean bere estrategiari aurre egiteko? Inguruan ba al dago behar honi erantzuteko behar beste masa? Edo kanpora joateko beharra ikusten duzue?
Denok ari gara talentuaren bilketaren arazoak sufritzen, batik bat profil teknikoak aurkitzerakoan, eskaera gehien dutenak direlako eta gaur egun behar beste ez daudelako. Hine-n mundu mailako plantilla %15 hazteko asmoa daukagu. Hazte hau mundu mailako ezarpen berrietan emango da, baita Olaberriako egoitzan ere.
Honez gain, duela bi urte ikasketa zentro desberdinekin elkarlanean formakuntza dualeko profesionalak kontratatzen hasi ginen, eta honela, ikasle edo langileek, ikasketak enpresako esperientziarekin elkar banatzeko aukera izaten dute. Oso pozik gaude lortutako emaitzekin eta gazteak enpresara gerturatzeko eta, aldi berean, talentu handiko etorkizuneko profesionalak erakartzeko era ona dela deritzogu.
Gure inguruan industria ehun sendo eta lehiakor bat sortzen jarraitzeko harrobi indartsu bat daukagula uste dut, baina horretarako enpresok erakargarriak izan behar dugu eta talentua erakartzeko eta mantentzeko lanak egokiago kudeatzen ikasi.