Joan den asteazkenean, martxoaren 10ean, Value ShARE proiektuaren ondorioak azaltzeko bildu ginen Teamsen bidez. OPE Consultores-eko Cristina Martínez eta Aritz Otsoarekin batera burutu zen aurkezpena.
Goierri-Valleyko bazkide ugarik hartu zuten parte saioan, 14 enpresatako 18 pertsonak. Bileran izan ziren, halaber, Iker Estensoro eta Joseba Amondarain, Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak.
Lehenik eta behin, saioa Value ShARE proiektuaren jatorriaren, helburuen eta metodologiaren testuinguruan kokatu zen, eta, ondoren, Goierriko metal-mekanika industriaren balio-katearen azterketa zertan oinarritu den zehaztu zen. Azterketa hori hainbat ekintzaren bidez egin da. Alde batetik, hainbat motatako enpresei galdeketa egin zaie, hala nola manufaktura-enpresei, zerbitzu teknikoei, zerbitzu tekniko espezializatuei, laguntza-zerbitzu orokorrei eta berrikuntza-, ezagutza- eta teknologia-eragileei. Bestalde, begirada estrategikoko saioak egin dira CAF, Arcelor Mittal eta AMPO traktoreen eskutik.
Horrekin guztiarekin, ondorioak atera dira honako hauen inguruan: eskualdearekiko lotura, hobetzeko eremuak, eskualdeko industriaren garapenaren oztopo eta palanka nagusiak, erronkak eta aukerak eta COVID-19 delakoaren ondorioak. Ondorio horietatik abiatuta, jarduera-ardatz batzuk definitu dira Goierriko metal mekanika industriarentzat. Horretarako, kontuan hartu dira Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020 aldirako industrializazio-plana, inkesta eta begirada estrategikoak, Win&Win proiektua, Euskadi 2030 PCTI, Euskadi 2020 Agenda eta Europako industria estrategiak. Proposatutako proiektu batzuk dagoeneko martxan daude, adibidez, Eraldatuz: Lidergoaren eraldaketa proiektua. Beste batzuen aktibatzea ordea, elkartearen foroetan eta zuzendaritza batzordean adostuko da.