Ondorengo galdera honi erantzun zion atzo, apirilak 13 asteartea, ospatu genuen ERALDATUZ programako bostgarren saioak:
Zergatik egin lanpostuen balorazioa? Zertarako balio du?
Pilar Romero eta Nieves Barahonak, InGroup aholkularitzako, Goierri Valley Elkarteko bazkide dena, kideak eta ERALDATUZ – Zazpi pauso, hamaika aukera – proiektuko saioen dinamizatzaileak, oinarrizko kontzeptu batzuen inguruan azalpenak emanez hasi zuten prozesu honen bostgarren saioa. Enpresan egitura ona izatea eta lanpostuak definitzea zergatik den garrantzitsua adierazi zuten. Oinarrizkoak diruditen baina kasu askotan argi ez dauden kontzeptuak dira, hala nola, lanpostuak baloratzeko esanahia eta helburua, ordainsari-sistema, maila profesionalak, joko-arauak edo ordainsari-berdintasuna.
Ikus dezagun, ondorengo hiru galderei argi erantzuten jakingo zenuke?
- Zer ELEMENTU islatu behar dira lanpostu DESKRIBAPEN batean?
- Zer IRIZPIDE erabil ditzakegu lanpostuak baloratzeko?
- Zer esan nahi du BARNE-EKITATEA aztertzeak?
Hiru galdera horiek gidatu zuten atzo Beasaingo Igartza Jauregian egin genuen ERALDATUZ-eko 5. saioa, lanpostuen antolaketa deiturikoa.
Funtsezko hiru galderetatik abiatuta, gure enpresetako parte hartzaileak erantzunak bilatzen saiatu ziren, Pilar eta Nieves lankideen laguntzarekin.
Zalantzarik gabe, saio honek asko utzi zigun gure enpresen inguruan hausnartu eta aztertzeko.